
Sinodoko Otoitza
Jesus Jauna, Zuk deituak,
Zuk bilduak geran Gipuzkoako elizkideok
Zurekin nahi dugu Aitaganako bidea egin,
Zurekin Ebanjelioa bizi,
Zurekin berri ona eskaini gizaki guztiei.
Isur iezaguzu Espiritu Santuaren dohaina,
elkarrekin bat eginik ibil gaitezen
gure Eliza eraberritze-bidean, sinodo-giroan,
eta Espirituak berak gidaturik,
Zuk nahi bezalako elkarte ebanjelizatzaile
izan gaitezen, Jainko Aitaren aintzarako. Amen.
Otoitzaren bereizkuntzak
On da, Sinodorako bidealdian eta Sinodoko batzarretan behin baino gehiagotan egingo dugun otoitzaren zertzeladak eta bereizkuntzak kontuan izatea.
Hirutasun Santuari zuzendua da, Elizaren otoitz nagusietan izan ohi den bezala. Hirutasun Santua baitugu salbamen-egintzaren egile eta eragilea, gure izatearen sorburua eta helburua. Eliz elkarte osoak eta, ondorioz, Gipuzkoako Elizak Hirutasun Santuaren misterioan du sustraia eta Harengan betetasuna.
Testu honek, bestalde, “Zurekin” goiburua, leloa, du ardatz. Ez gera geure kasa ari, Jaunarekin baizik eta Berak eraginik. Horregatik, diogu “Zurekin”. “Zurekin”, orobat, Gipuzkoako elizkideok elkar harturik ari nahi degulako, ez nor ere aldetik.
Une honetan Gipuzkoako Elizak dituen eraberritze-asmoak aurrera eramateko argia eta kemena ere eskatzen da otoitz honetan, hain zuzen gaur ekiten diogun bidealdia elkartasunean egiteko kemena, sinodo-giroan, bizitzeko eta jokatzeko kemena. Horren xedea, helburua, elkarte ebanjelizatzaile izatea, Jesusek agindu bezala. Eta hori, kristau sinesmena eta kultura krisi larria nozitzen ari den gure herrian, gure gizartean. Hortxe izan nahi degu Ebanjelioaren testigu, Espirituak gidaturik, geure etsenpluz batez ere.
Hori guztia, Jainko Aitaren aintzarako, Jainkoaren aintza gizakion salbamendua, gu betieran bizitzea, dela aitortuz, San Ireneok zioen bezala.
Jesus Mª Arrieta. 2026-10-17
